Eguerdi on eta eskerrik asko.
Eskerrik asko gaur Bulebarrean agurtzen ari garen oroimenaren autobusari egin diozuen harrera bikainagatik. Gaur eta azken hogei egunetan, Donostia, Orbaizeta, Agoitz, Iruñea, Lesaka, Bera, Altza eta Oreretara eraman dugu autobusa, eta ehunka bisitari jaso ditu. Ez hori bakarrik. Hamarnaka izan zarete erakusketa ibiltaria zabalik mantentzeko txanda egin duzuenak, musikaz girotu duzuenak edo hamaiketako goxoak prestatu dituzuenak.
Eta izugarri pozten gaitu horrek. Arrazoi sinple batengatik. Horrek erakusten duelako etenik ez duen hariz josten ari garela etorkizuna. Etenik ez duen hariz josten ari gara etorkizuna, bai. Urteak badoaz, baina etenik ez duen haria gara. Memoriaren haria. Memoriaren herria. Egin digutena ahaztu nahi ez duen herria. Ezkutuan mantendu nahi dutena argitara eramango duena.
Izan ere, horretarako egin dugu ibilbide hau guztia autobusarekin. Mikel Zabalzaren, harekin batera atxilotutako Idoia Aierbe, Ion Arretxe, Manolo Bizkai, Aitor Zabalza, Patxi Zabalzaren eta tortura pairatu duten herritar guztien egia bizirik mantentzeko eta aldarrikatzeko-exijitzeko egia osoa jakiteko garaia dela.
Mikel Zabalza Intxaurrondoko kuartelean jasandako torturengatik hil zen. Guardia Zibilak eragindako torturengandik. Inork ukatu ezin duen errealitatea da hau eta horren erakusle da Hego Euskal Herriko instituzio nagusiek aitortutako biktima izaera. Hala ere, aitortza instituzional horiek ez dute kontakizun osoa azaleratu: zer gertatu zen zehazki, non gertatu zen, nork egin zuen, nola egin zuten… Galdera horiek ofizialki erantzuteke daude oraindik; horregatik ozen diogu, 40 urte eta gero, erantzukizun publikoak hartzeko ordua da. Espainiar estatuak zor bat du auzi honekin, herri honekin.
Tortura ahalbidetu zuen lege antiterrorista, ikerketa eta bide judiziala blokeatu duen sekretu ofizialen lege frankista, egileek jasotako kondekorazioak, torturatzaileei laudorioak… Espainiar estatuaren zigorgabetasuna – inpunitatea dago auzi honen eta Euskal Herrian torturaren aplikazioa pairatu duten milaka herritarren kasuen oinarrian. Hau ez da azken geltokia, beraz.
Oroimenaren gidari izaten jarraitzea dagokigu. Eta gaur, hemendik, Euskal Herriko instituzio nagusiei zuzenduko gara, izan daitezen gu bezala haiek ere akuilu. Nafarroako Gobernua eta Parlamentua, Eusko Jaurlaritza eta Legebiltzarra, herri honen ordezkari gisa, erreklama iezaiozue espainiar estatuari urratsak emateko unea dela.
Inpunitatea amaitzeko garaia da!
Egia osoa jakiteko garaia da!
Tortura kasu guztien aitortzaren garaia da!
Egia. Justizia. Erreparazioa.
Gaur eta beti, Mikel gogoan!