Ion Arretxeren aitona Gonzalok esaten zuenez, intxaurrondoaren itzala arima hozten zuelako omen zen hain txarra, eta intxaurrondoaren itzalean lo egiten zuena azkenean penaz hilko zela ere esaten zuen. 1985eko azaroaren 26ko goizaldean, Intxaurrondoko kuarteleko guardia zibilek atxilotu zuten Arretxe, Errenterian. Donostiko Altza auzoan hartu zituzten, berriz, Idoia Aierbe, Manolo Vizcay eta Mikel Zabalza. Orbaizetan, Aitor eta Patxi Zabalza.
Hil arte torturatu zuten Zabalza Itxaurrondoko kuartelean, eta hogei egunera azaldu zen haren gorpua Bidasoa ibaian. Egia ofizialak, baina, ez du inoiz halakorik kontatu, orduko irudiek eta hitzek egin dute. Milaka izan dira Euskal Herrian tortura pairaturiko pertsonak; 5.000tik gora Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako ikerketaren arabera.
Memoriaren haria
“Zabalza kasua” deitu izan zen hura kasua baino adibide bat izan zen gehiago. Espainiako Guardia Zibilaren kuarteletan eta komisarietan oro har gertatzen ari zenaren erakusgarri bat, lege berezien babesean -baina beste edozein lege bezain konstituzioaren araberakoak eta demokratikoak ziren legeen babesean, nola ez ba- sistematikoki eta erabateko inpunitatean torturatzen baitzen.
Ion Arretxe. Intxaurrondo: intxaurraren hostopeko itzala, 2021
Zorigaizto hartatik 40 urte igaro diren honetan, estalita dago oraindik helmugako argi-izpia. Prozesu luze, goibel eta gorabeheratsu batek ekarri gaitu honaino, egia osoa eta erantzukizunen argitzea oraindik aldarrikapen diren egunera. Alta, erakusketa honek honaino ekarri gaituen beste aurpegia balioan jartzean ekarpena egin asmo du: herri memoria. Senideak, herritarrak, abokatuak, askotariko eragile eta herri ekimenak… horiek guztiak gabe, bideak ez luke aurrera eginen. Eskerrak bihotzez; gertatutakoaren ahanzturarik egon ez dadin eta berriro ez errepikatzeko bermeak egi bihur daitezen, Mikelen memoria bizirik mantentzen jarraituko dugu.
Eten ez den oroimen hari baten erakusgarri, torturaren hotsaz, minaz, zauriez, hutsuneez, lankideen eta auzokideen aldarrikapenez, urpeko bilaketez, horma judizialez eta berrogei urteko borrokaz mintzo dira erakusketa honetan parte hartu duten lekukoak.
Mikel Zabalza bere bi arrebekin
Tokia: Orbaizetako Ola
Interpretatzailea: Lourdes Zabalza, Mikelen arreba

Argazkian Mikel Zabalza eta bere bi arreba, Lourdes eta Itziar, agertzen dira; Guardia Zibilak Mikel erail baino urte batzuk lehenagoko argazkia da. Urte haietan beti ibiltzen ziren hiruak elkarrekin, zoriontsu.
Manolo Vizacay Zabalza, atxiloketaren lekuan
Argazkian Manolo Vizcay Zabalza ikusten da bere lehengusu Miguel Mari Zabalzaren (Mikel Zabalzaren) sukaldean, Altzan. Leku horretan bertan, Guardia Zibilak Manolo eta Mikel atxilotu zituen, eta gero Intxaurrrondoko kuartelera eraman zituen.

Tokia: Altza
Interpretatzailea: Manolo Vizcay, Mikelen lehengusua eta berarekin batera atxilotua
Bidasoa ibaitik Mikel Zabalzaren gorpua ateratzen
Tokia: Endarlatsa
Interpretatzailea: Jose Emilio Txoperena, Lesakako bizilaguna

Mikel Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaitik ateratzen duten unea erakusten du irudiak. Guardia Zibilaren patruila batek aurkitu zuen uretan flotatzen, atxilotu eta hogei egunera. aurkikuntza egun batzuk lehenago Gurutze Gorriko urpekariek sakon miatu zuten gune batean gertatu zen.
Mikel Zabalzaren lankideak, Donostiako udaletxearen aurrean
Argazkian Mikel Zabalzaren lankideek antolatutako mobilizazioetako bat ikusten da, atxilotu ondoren haren paraderoari buruzko informaziorik ez zegoelako. Lankideak Donostiako Gobernu Zibileraino joan ziren DBus enpresako autobus batean, ‘Hemen ez dago gidaria, non dago?’ esaldia zeraman pankarta batekin. Gidari bat bolantean zegoen, eta gainerako langileek enpresako uniformea jantzita busa jarraitzen zuten. Heldu zirenean, poliziak haien kontra egin zuen.

Tokia: Donostia
Interpretatzailea: Guillermo Aparicio, Mikelen lankidea
Bertsio ofiziala vs. errealitatea
Tokia: Intxaurrondo
Interpretatzailea: Iñigo Iruin, Zabalza familiaren abokatua

Mikel Zabalzaren heriotzaren inpunitatea juridiko-penala nagusi da berrogi urte geroago. Interpretatzailearen arabera, tortura 80ko hamarkadako Euskal Herriaren testuinguruan Estatuak hartutako erabakia izan zen, eta horretarako hiru tresna eman ziren. Lehenik eta behin, inkomunikazioa ahalbidetzen zuen salbuespenezko terrorismoaren aurkako legeria. Bigarrenik, Terrorismoaren aurkako Unitate Berezien funtzionamendu klandestinoa; hala nola, Gipuzkoako Guardia Zibilak Intxaurrondon zuen informazio zerbitzua, Zabalzaren presentziaren erregistrorik utzi ez zuena. Hirugarrenik, ikerketa Madrileko Auzitegi Nazionaleko epaileek kontrolatzen zuten, tortura salaketen aurrean guztiz pasiboak izandakoak. Horrek “eremu frankoak”, hermetikoak, sortu zituen, non Guardia Zibilak frogen gaineko erabateko kontrola izan zuen, ihesaren eta itotzearen bertsio ofiziala eraikiz. Ikerketa judizialak bertsio hura desmuntatu zuen, baina juridikoki gertakarien errealitatea ezin zian zuen ezarri.
Traktore eta autoen kontzentrazioa Ariben, Mikel Zabalzaren hiletaren ostean
Orbaizetan egindako Mikel Zabalzaren hiletaren eta ehorzketaren ostean, Ariben antolatu zen traktore eta autoen kontzentrazioa erakusten du argazkiak. Elkarretaratze gisa antolatutako protesta Zabalza familiaren etxetik pasa zen Orbaizetako Olarainoko martxa bihurtu zen. Etsipenez eta tristuraz betetako goiz baten ondoren, ekintzak barruan zuten mina oihuen bidez ateratzeko aukera eman zien.

Tokia: Aribe
Interpretatzailea: Jesus M.ª Goikoa, 1985ean Orbaizetako alkatea
Mobilizazioak
Tokia: Iruñea
Interpretatzailea: Mikel del Río, Mikel Zabalzaren laguna

Lekukotzak 1985ean Mikel Zabalzaren atxiloketa eta hilketa eta Aezkoan eta Nafarroan eman zen errepresioa gogora ekartzen ditu. Estatuak gertakariak ukatu eta Zabalzaren familia izutu zuen. Herritarren mobilizazioak jendetsuak izan ziren, greba orokor historikoa izan zen Hego Euskal Herrian eta manifestazio handia Iruñean, poliziak indarrez zapaldu zuena. Gabriel Urralburuk ordezkatzen zuen botere politikoa ezindu agertu zen Guardia Zibilaren aurrean. Lekukoaren ustez, Estatuak ez du inoiz bere erantzukizuna aitortuko eta indarkeria mota hori errepika liteke.
Intxaurrondoko kuartelean Mikel Zabalzaren omenezko plaka jartzeko ekitaldia
Intxaurrondoko kuartelean Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarri zuten unea ikusten da argazkian. Ekitaldian, Zabalzaren senideak lehenak izan ziren plakaren aurrean loreak jartzen. Irudian, Mikelen anai Aitor Zabalza agertzen da. Egun hartan hurbildu zen lehenengo aldiz Intxaurrondoko kuarteleko sarrerara.

Tokia: Intxaurrondo
Interpretatzailea: Oihana Zabalza, Mikel Zabalzaren iloba eta Aitor Zabalzaren alaba
Mikel Zabalza kasuaren bertsio ofizialaren aurkako protesta
Tokia: Altza
Interpretatzailea: Joxerramon Zapirain Larraza, Altzako MZG herri ekimeneko kidea

2020tik Mikelen Txokoan dagoen murala erakusten du argazkiak, Donostiako Altza auzoan. Mikel Zabalzaren omenezko murala, non Estatuari eta Guardia Zibilari sekretu ofizialen legea altxaltzeko eta Mikel Zabalzaren kasuaren bertsio ofiziala aldatzeko eskatzen zaien; horrela, etorkizuneko belaunaldiek jakin dezaten zer gertatu zen benetan Mikel, Idoia Ion eta Guardia Zibilak torturatu zituen gainerako pertsonekin.
Mikel Zabalzari egindako 39. omenaldia, Orbaizetan
Mikel Zabalzari egindako 39. omenaldia azaltzen da argazkian. Familiaren eta herritarren konpromisoa nabarmentzen ditu lekukoak, urte hauetan guztietan etenik gabe bildu izan direlako Lorentxo etxearen aurrean. Irudiak, halaber, borrokaren transmisioa erakusten du. Izan ere, Intza Jaukikoa, Mikelen iloba bigarrena, da aurreskua dantzatzen ari dena.

Tokia: Orbaizetako Ola
Interpretatzailea: Ainhoa Bueno, Aezkoako MZG herri ekimeneko kidea