Mikel Zabalza Donostiako autobus publikoen langilea zen 1985ean Guardia Zibilak atxiki, torturatu eta erail zuenean. Gertakariak, eztabaida politikoaren erdigunean, mobilizazio sozial erraldoia eragin zuen Euskal Herrian, manifestazio jendetsu andana eta greba orokor bat egiteraino. Mikel desagertua egon zen 20 egunetan izandako ekintza horien artean, bere lankideek egindako protesta ikonikoa izan zen. «Hemen ez dago gidaria, non dago?» zioen Donostiako udaletxeraino eraman zuten autobusetik zintzilikatutako pankartak.
40 urteren ondotik, ekintza hura berreskuratuko dugu. Azaroaren 26tik abenduaren 14ra, Mikel Zabalza desagertua izan zenen egunetik, Bidasoa ibaian agertarazi zuten egunera arteko datetan, autobus batek Euskal Herriaren parte bat zeharkatuko du, Orbaizeta, Iruñea, Bortziriak, Altza eta Donostia lotuz. Zabalza auziaren nondik norakoak ezagutarazteko helburuz, autobusak erakusketa bat izango du barruan. Eta, tokian toki, hainbat ekintza antolatuko ditugu autobusaren bueltan. Abenduaren 14an emango diogu amaiera egitasmoari, Donostian egingo dugun ekitaldi nagusi batekin.