Autobus gidaria faltan, 40 urtez

Badira lau hamarkada luze Mikel Zabalza orbaiztarra eta Donostiako udaleko langilea Tranbia Konpainian Altzako bere etxean atxilotuta eta bizirik eraman zutela. Berarekin batera, bere neska laguna Idoia Aierbe, bere lehengusua Manuel Bizkai Zabalza, Jon Arretxe… Nafarroan ordu berean bere bi anai ere atxilotu zituzten… Garai hartan halako sarekadak ziren errepresiorako ohiko tresna.

Hona ekarri zituzten, Intxaurrondoko kuartelera, Antiterrorista deituriko Legearenpean. Inkomunikazioa, iluntasuna, ezjakintasuna, izua eta mina.

Handik ordu batzuetara, atxilotuak askatasuna berreskuratzen hasi ziren inolako kargurik gabe eta publikoa egin zutena bihotza dar-dar batean utzi zigun. Tortura jasan zuten guztiok. Bizipen bortitza izan zen, latza. Eta testuinguru horretan, albiste ofizial bat iritsi zen: Guardia Zibilak Mikel Zabalza, Endarlatsan balizko zulo bat ikuskatzera eraman eta bertan zela, Bidasoa ibaira jauzi egin eta ihes egin zuela.

Gobernuaren bertsio maltzur horrekin abiatu zen “Mikel Zabalzaren kasua”. Berarekin atxilotuta egon zirenen adierazpenei aurre egiteko osatu zen bertsio maltzur hura, oso bestelakoa zelako: kuartelean Mikelen oihuak entzun zituzten; gorputz bat ikusi zuten, eta Mikelena zen; “joan egin zaigu” entzun zuten.

Euskal jendartean halako gezurra ez zuen sarbiderik izan eta segidan mugimenduak, kale mobilizazioak eta interpelazioak hasi ziren. Eta hor lehen aldiz ikusi genuen autobusa, Donostia zeharkatzen edo udaletxearen parean geldi, pankarta batekin. “Hemen gidaria falta da, non dago Mikel?”

Gure autobus horrek dagoeneko 40 urte darama bidea egiten. “Etenik ez duen haria” islatzen du.

Lehen geltokia: Mikelen gorpua berreskuratzea. Familiaren, herritarren, alderdi politiko eta eragile askok eragindako presioaren aurrean, Gobernuak amore eman eta Mikelen gorpua agertarazi zuten Bidasoa ibaian atxilotu eta 20 egunetara. Lorpen bat, tristea, baina lorpena, Mikel desagertuen zerrenda osatzera kondenatua baitzen, bertsio “ofizial” maltzur hori betikotuz.

Geltoki gehiagotik pasatu da gure autobusa: Egia zein izan den argi uztea. Urteak pasa behar izan diren arren, azken urte hauetan egia “soziala” egia “instituzionala” bilakatu da. Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak Mikel Zabalza Estatuaren bortizkeriaren biktima gisa aitortu dute. Justizia egin dadin saiakera ugari egon da, bai familiaren aldetik, baita Udaletxearen aldetik ere, baina bide honetan gure autobusak hainbat traba topatu ditu bidean, hala Guardia Zibilaren jarrera (“busquen en objetos perdidos”), nola Madrilgo Gobernu guztien mespretxua, ( hainbat torturagile sarituz, Sekretu ofizialen legea mantenduz, bide juridikoei ateak ixten, inpunitatea sustatuz…)

Memoriaren eta Aitortzaren geltokitik ere pasatu da, eta horren testigu dira Altzan zein Orbaizetan urtero egiten zaion oroimena, Altzako Mikelen Txokoa, aipatutako instituzioek haien biktimen zerrendetan sartu izana, Donostiako Udalak egindako aitortza ekimenak, hamaika hitzaldi, antzerki obra, dokumental bat.. eta plaka hau bera, aitortza eta testigantza irmoa egiten duena.

Orain hemen dugu autobusa 40 urte geroago, Mikel Zabalza, eta Idoia, Jon eta nolabait Euskal Herrian torturatuak izan diren pertsona guztiak presente ditugula erakusteko, eta bide luze hau egin ondoren oraindik azken geltokira iritsi ez garela adierazteko. Azken finean, dagokionak, Espainiako Gobernuak alegia, erantzun gabe segitzen du: “Hemen gidaria falta da: Non dago Mikel?”

Sekretu Ofizialen legea bezalako tortura eta tratu txarrak estaltzeko indarrean segitzen duten babes tresnak, desagertu behar dira; Guardia Zibilak eta Espainiar Gobernuak EGIA aitortu behar dute; hau ezinbestekoa da JUSTIZIA eta ERREPARAZIOAri bidea ireki behar bazaio, zigorgabetasunarekin amaitu ahal izateko.

Hau gertatu bitartean gure autobus honek bere bidea egiten segituko du, eguraldi on eta txarrarekin, bide estuetatik eta aldapa tenteetatik, ez du axola. Benetako egia eta interpelazioa darama berarekin, eta herritarren nahiaren energia. Gezurrak ez du etorkizunik. Hariak ez du etenik.

Gaurtik hasita eta hurrengo egunetan, Autobusaren Bira Donostian izango da eta Mikelen oroimenean garrantzia duten beste hainbat herrietatik pasatuko da. Azaroak 30ean bere herrian Orbaiztan egingo zaion omenaldian izango da, gero Aezkoa, Iruñea, Bortziriak, Altza.. gertatutakoaz erakusketa xume bat ikusgai duela. Testigantza darama bere baitan eta dei egiten diogu tokian-tokiko herrikideei eta bereziki gazteenei hura bisitatzera.

Autobus Bira honek abenduak 14an izango du amaiera Donostian. Dbuseko langileek, orain 40 urte bezala, autobusa eramango dute Kotxerasetik Bulebarrera. Horregatik deialdi berezi bat egin nahi diogu Euskal Herriko jendarteari Mikel Zabalzaren memoria islatzen duen autobus horri harrerarik beroena egitera eta azken ekitaldian parte hartzera.

Elkar ikusiko dugulakoan, gora Mikel!

Inor, inon, inoiz, torturarik ez!

Utzi iruzkina