Berrogei urtez hemen, etenik gabe

Gaur berriz bildu gara Orbaizetako Olan, Mikel Zabalzaren gogoa bizirik mantentzen dugula erakusteko. 40 urte dira jada Guardia Zibilak Mikel atxilotu eta erail zutenetik; gezur bat eraiki eta hura deseraikitzeko borrokan ari garela. 

Berrogei urte.  Berrogei ekitaldi, euri, haize, eguzki eta elurrak lagunduta. Berrogei aurresku eta lore eskaintza. Berrogei hamaiketako. Berrogei egia, justizia eta erreparazio eskaera. 

Hemen gauden zenbaitek ez genuen gertatutakoa berez ezagutu; beste batzuek bai, bizi izan zenuten; eta garaian Mikeli egindakoa urtez urte birgogoratzeko hautua hartu zenuten, ezagutu ez genuenoi gertatu zenaren berri emanez. Zuei guztiei (eta ez daudenei) gure esker ona ematea dagokigu, zuek mantendu duzue-eta oroimenaren haria bizirik!

Berrogei urtez hemen jarraitzen dugu. Etenik gabe. 

Ez dauden horien artean, gaur Orbaizetako apaiza zen Jose Luis Molinat ekarri nahi izan dugu gogora. Mikelen kasua ezagututa, beste alde batera begiratzea zuelako, baina ez zuelako halakorik egin. Ausarta izan zen, dudarik gabe, gauzak behar bezala izendatu zituen; honek ekarri zizkion ondorioei erreparatu gabe, eta ongi dakigu ondorioak izan zituela, mehatxuak, esaterako.

Zorionez, horrelako pertsona ausartak izan ditugu bidelagun 40 urte hauetan. Izan ere, zuen oihu eta aldarrikapenei esker, agertu zen Mikelen Bidasoa ibaian 20 egunera; zuen oihu eta aldarrikapenei esker, bihurtu da egia soziala “instituzionala”. 

“Gezurrari, egia”, esan zuen Molinatek, eta “torturari-biolentziari, askatasuna-elkartasuna”. Eta azken horretatik asko izan du bide honek. Ezin ahaztu gaur urte hauetan guztietan, beraien doinu eta hitzekin Mikelen kasua bizirik mantendu eta belaunaldiz-belaunaldi iraunaraztea ere ahalbidetu duten musika taldeak. Aurten ekarpena Diraki, Apotheke eta Aingura taldeek egin dituzte, baina hor ditugu Raimundo El Canastero, Marianitoz Blai,… herri honen ahotsa izan baitira.

Aurtengo berritasuna, dudarik gabe, hemen alboan dugun autobusa da. Oroimenaren Busa, Dbuseko langileen ekinaldiz eta Aezkoako Batzarreko eta Nafar Gobernuko laguntzarekin ezarritako erakusketa bat baliatuz gure dinamikaren ardatz dena. Erakusketa horretan kasuaren zenbait une birgogoratu dute 10 lagunek eta hemendik ere eskertu nahiko genieke egindako esfortzua eta gurekin partekatutako errelatoa. Hori ere bada oroimena elikatzea. Datozen egunotan Garraldan, Aurizberrin, Auritzen eta Agoitzen izango da busa. Bisitatzera gonbidatzen zaituztegu. 

Autobus Bira honek abenduak 14an izango du amaiera Donostian. Dbuseko langileek, orain 40 urte bezala, autobusa eramango dute Kotxerasetik Bulebarrera. Horregatik deialdi berezi bat egin nahi diogu Euskal Herriko jendarteari Mikel Zabalzaren memoria islatzen duen autobus horri harrerarik beroena egitera eta azken ekitaldian parte hartzera.

Edonola bidea ez da hor amaituko. Geltoki bat falta zaio gure ibilbide honi. Egia osoarena. Justiziarena. Erantzukizuna hartzearena. 

Desklasifika dezatela auziari lotutako informazio guztia. Dituzten dokumentuak ezagutzea, publiko egitea, ezinbestekoa da justizia eta erreparazioari bidea irekitzeko eta zigorgabetasunarekin amaitu ahal izateko. Eta Espainiako Gobernuaren esku dago egitea. 

Beldurrik ez dutela diote, baina ez dugu sinisten. 

Que no pongan excusas, que la Guardia Civil y el Gobierno español reconozcan lo que hicieron. La impunidad, la ley de secretos oficiales, es garantía de repetición, por lo tanto, es indispensable acabar con ella. Para que nadie, en ningún lugar y nunca más vuelva a sufrir la tortura.

Asko luzatu gabe, jarrai dezagun memoriaren haria elikatzen. Jarrai dezagun Mikelendako egia eta Justizia aldarrikatzen. Ionengatik, Idoiarengatik, Mikelengatik eta Euskal Herrian tortura jasan izan dugun guztiengatik, gugatik, segi dezagun bidea urratzen!

EGIA, JUSTIZIA ETA ERREPARAZIOAREN BIDEAN, GORA MIKEL!

Utzi iruzkina