Herri mugimenduak ekimen desberdinak egin ditu eta egiten ditu gure historiaren kontakizuna azaleratzeko. Hau Mikeli eta Euskal Herriko torturatu guztiei egindako omenaldia dugu, mina aitortuz eta erreparazioa zein justizia aldarrikatuz. Biktima ugari, inolako erreparazio eta justiziarik gabe joan direla agerian utzi nahiko genuke. Mikelen kasuan, nahiz eta Estatuko biktimatzat onartua izan, 40 urteetako inpunitatea eta egia argitzearen falta azpimarratu nahi dugu.










Egia, justizia eta aitortza eskatzen dugu. Oroitarazi nahi dugu gaur omenaldi hau egitea ez dela kasualitatea. Orain 40 urte, 1985eko azaroaren 26an Guardia Zibilak Mikel Zabalza eta haren lehengusu Manuel Bizkai atxilotu zituen Donostian, eta, haiekin batera, Idoia Aierbe eta Ion Arretxe. Orbaizetan, Mikel Zabalzaren anaiak ere atxilotu zituzten, Patxi eta Aitor, baina 10 orduren buruan askatu zituzten. Guztiei Terrorismoaren aurkako Legea aplikatu zieten, eta inkomunikaturik gelditu ziren. Biharamunean jakitera eman zen Mikel Zabalza desagertu zela. Bertsio ofizialak dio Bidasora bota zuela bere burua eta ihes egin zuela, Guardia Zibilei zulo baten kokapenaren berri ematera joaki zela.
Desagertu eta 20 egunera, abenduaren 15ean, Guardia Zibilaren patruila batek Mikel Zabalzaren gorpua aurkitu zuen ur azalean flotatzen, egun batzuk lehenago Gurutze Gorriko urpekariek goitik beheiti miatutako toki batean. Mikel torturapean hil zuten Intxaurrondoko kuartelean.
Gure jendartean sendatu gabe utzi diren zauriak sendatzen lagundu nahirik, beti ere kontuan hartuz izugarrizko lana egin dela isiltasunean mantendu nahi izan diren pasarteak azaleratzeko, gure ekarpena egiten jarraituko dugu. Isiltasuna alde batera utzi eta memoria berreskuratzea eta gure historia kontatzea da gure eginkizuna.
Mila esker, ekitaldi honetarat hurbiltzeagatik eta gogoraraz gaur Lesakan eta bihar eta etzi Beran Autobus erakusketa egonen dela, abenduaren 12an Espidobaita elkartean Non dago Mikel dokumentala eta solasaldia egonen dela eta abenduaren 14an Donostian mobilizazioa izanen dela.
Egia, justizia eta erreparazioa.
Izan zirelako gara, garelako izanen dira.