Ion Arretxeren sorterrira iritsiko da autobusa larunbatean

Igandean autobusari agurra egin aurretik, Mikel Zabalza gogoan ekimeneko autobus ibiltariak bi geldialdi gehiago egingo ditu: Zestoa eta Orereta-Errenteria. Ostiralean izanen da lehenengoan eta larunbatean iritsiko da Mikel Zabalzaren gau berean atxilotu eta torturatu zuten Ion Arretxeren sorterrira.

Goizeko 12:00etan, autobusak Galtzarabordako Ion Arretxe Parkera gerturatuko da, Mikel Zabalza, Idoia Aierbe eta Ion Arretxe gogoratzeko. Bertan, oroimen-ekitaldi labur bat eta lore-eskaintza egingo dira, herriko oroimen-leku bihurtu den gune esanguratsuan. Ekitaldia amaitutakoan, autobusa Zumardiara jaitsiko da, eta bertan 19:00ak arte egongo da erakusketa ikusgai.

Zestoan, berriz, Plaza Nagusian egongo da autobusa, ostiraleko 12:00etatik 20:00etara. Eta igandean, Donostiako Bulebarrean emango zaio amaiera azaroaren 26an abiatutako dinamikari. Autobusa agurtzeko ekitaldia 12:30ean izango da, eta parte hartzera animatu dituzte antolatzaileek herritarrak. DBus-eko langileek, duela 40 urte egin zuten bezala, autobusarekin batera abiatuko dira kotxeretatik Bulebarrera, Mikel Zabalzaren desagerpena salatzeko egin zuten ibilaldia gogoratuz. Nafarroarik ekitaldira joateko autobusa antolatu du Nafarroako Torturatuen sareak, eta izen emateko aukera zabalik dago.

Utzi iruzkina