Irailaren 23an Altzako, Aezkoako eta Bortzirietako herri ekimenak, DBuseko langileak, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak Mikel Zabalza 40 urte gogoan egitasmoa aurkeztu genuen Iruñean. Gaurkoan, berriz, egitasmoaren nondik norakoak zehazteko elkartu gara Donostiako Bulebarrean; azaroaren 26tik abenduaren 14ra, Mikel Zabalza desagerrarazi zutenetik Bidasoa ibaian agertarazi zuten egunera arteko datetan Aezkoa, Erroibar, Auritz, Agoitz, Iruñea, Bortziriak, Altza eta Donostia lotuko duen Autobus Biraren nondik norakoak azaltzeko.
- AZAROAK 26-28: DONOSTIA
- Egitasmoa azaroaren 26an jarriko da martxan, Guardia Zibilak Mikel Zabalza Garate atxilotu, torturatu eta hil zuenetik 40 urte beteko diren egunean. Goizean Mikel Zabalzaren omenez Intxaurrondon jarritako plakaren aurrean antolatuko dugu ekitaldia, 19 eguneko dinamikari hasiera emanez. Arratsaldean Donostiko Bulebarrean emanen diogu hasiera dinamikaren ardatz izango den Autobus Birari, azaroaren 28rarte mantenduko delarik bertan.
- AZAROAK 30 – ABENDUAK 3: ORBAIZETAKO OLA- AUÑAMENDI- AGOITZ
- Azaroaren 30ean iritsiko da autobus erakusketa Orbaizetako Olara, Mikel Zabalzaren jaiotetxe aurrera, bere oroimen eta memoriaren alde urtero egiten den ekitaldiarekin batera. Hortik aurrera, herri ezberdinak zeharkatuko ditu Autobus Birak, egun bakoitzeko tokian-tokiko egitarauaren xehetasunak eta ordutegiak aurrerago iragarriko ditugu. Auñamendin abenduaren 2ra arte egonen da autobusa, Garraldan abenduaren 1ean geldituz eta abenduaren 2an Aurizberri eta Auritzen. Abenduaren 3arekin batera Agoitzera helduko da.
- ABENDUAK 4-7: IRUÑEA
- Iruñean abenduaren 4an egingo du bere geldialdia, eta Takonerako “Bosquecillo”an ikusgarri egonen abenduaren 7ra arte.
- ABENDUAK 8-10: BORTZIRIAK
- Abenduaren 8an Bortzirietaraino helduko da autobusa, Endarlatsaraino, Mikel Zabalzaren gorpua agertarazi zuten lekuraino. Eskualde honetan bi geldialdi izanen ditu erakusketak eta abenduaren 10a arte ikusgarri izango da; Lesakan abenduaren 8an eta Beran hurrengo bi egunetan zehar.
- ABENDUAK 11: ALTZA
- Abenduaren 11an autobusa egun bateko egonaldia egingo du Altzan, Donostian bizi zenean, Mikelen auzoa izandakoan.
- ABENDUAK 12-13: DONOSTIA – DBUS KOTXERAK
- Abenduaren 12 eta 13an Donostiako DBuseko kotxeretan egonen da Autobus erakusketa. Mikel Zabalza Donostiako autobus publikoen langilea zen atxilotu, torturatu eta hil zutenean. Bi eguneko egonaldia egingo du hor erakusketak, DBuseko langileentzat ere ikusgarri egon dadin.
- ABENDUAK 14: DONOSTIA-BULEBAR
- Abenduaren 14an D-Buseko langileek Donostiako Bulebarrera eramanen dute autobusa bueltan. «Hemen ez dago gidaria, non dago?» zioen orain dela 40 urte Mikel Zabalzaren lankideek autobusetik zintzilik udaletxeraino eraman zuten pankartak. Protesta ikoniko hori gurera berriro ekartzeko asmoz, autobusari harrera egin eta ibilaldiari amaiera emateko ekitaldi nagusia antolatuko dugu Donostiako Bulebarrean. Horregatik, Euskal Herriko jendarteari deialdi berezi bat egin nahi diogu hemendik, abenduaren 14ko ekitaldira hurbildu eta autobusari harrera jendetsu bat egiteko.
Memoriaren haritik tiraka sortu dugun egitasmo kolektibo honekin, Mikel desagertua egon zen 20 egun horiek gogora ekarri nahi izan ditugu, baita 40 urte hauetako borroka eta herri memoria balioan jarri ere. Hori litzateke egitasmo honen lehen hanka. Autobus ibiltari honek horren transmisore izan nahiko luke, barnealdean egonen den erakusketa horren bitartez. Mikel Zabalza kasuaren inguruko 10 testigantza ezberdinekin osatua, bertaratzen denak panelen zein ikus-entzunezko edukien bidez sakondu ahalko du 40 urte hauetako pasarte ezberdinetan. Horrela, aurrera begira ere, gertatutakoaren ahanzturarik egon ez dadin eta berriro ez errepikatzeko bermeak ezarri ditzagun lanean jarraituko dugu.
Norabide horretan, egitasmoaren bigarren hanka litzateke egia osoa eta erantzukizunaren aldarria. Mikel Zabalza Estatuko indarkeriaren biktima gisa aitortua izan da Hego Euskal Herriko instituzio nagusietan. Urrats garrantzitsu eta beharrezkoa da hau ezinbestean, baina 40 urte eta gero, kontakizun osoa azaleratzeko galdera asko erantzuteke daude oraindik: zer gertatu zen zehazki, non, nork, nola… Zentzu honetan, egia, justizia eta erreparazioaren bidea oztoporik gabe igaro ahal izateko galdera horiei guztiei erantzuteko konpromisoak hartzea premiazkoa ere badela irizten dugu; bai Zabalza kasuan, bai Euskal Herrian tortura pairatu duten milaka herritarren kasuan ere.
Behin betiko urratsak emateko garaia da. Egia osoa jakiteko garaia da.
Mikel Zabalza Gogoan!
Bukatzeko, Donostiako udalari, D-Bus konpainiari eta Aezkoako Batzarre Nagusiari autobus erakusketa hau, eta beraz, dinamika hau posible egiteko egindako ekarpena eskertu nahi diegu.