Aurten, 2025eko azaroaren 26an, berrogei urte beteko dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza Garate atxilotu, torturatu eta hil zuenetik. Data seinalatu hau probestuz, hemen presente gaudenok, Altzako, Aezkoako eta Bortzirietako herri ekimenak, DBuseko langileak, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak, elkarlanean eta irudi berritu batekin aurrera eramango dugun Mikel Zabalza 40 urte gogoan egitasmoa aurkeztu nahi dizuegu.
Etenik ez duen haria; herri memoriaren haria. Hari horrek ekarri gaitu gaur egun gauden tokira. Hil zutenetik 40 urte igaro diren honetan, Mikel Zabalza Estatuko indarkeriaren biktima gisa aitortua izan da Hego Euskal Herriko instituzio nagusietan (Eusko Jaurlaritzak 2022an eta Nafarroako Gobernuak 2024ean). Beti aldarrikatu ditugun egia, justizia eta erreparaziorako bidean urrats garrantzitsuak eman dira, azken hamarkadan; bereziki, azkenari dagokionean. Hala ere, aitortza instituzional horiek ez dute kontakizun osoa azaleratu: zer gertatu zen zehazki, non, nork, nola… Erantzunen bila goaz.
Memoriaren haritik tiraka sortu dugu aurten garatuko dugun egitasmoa. Mikel Zabalza Donostiako autobus publikoen langilea zen 1985ean Guardia Zibilak atxiki, torturatu eta erail zuenean. Gertakariak, eztabaida politikoaren erdigunean, mobilizazio sozial erraldoia eragin zuen Euskal Herrian, manifestazio jendetsu andana eta greba orokor bat egiteraino. Mikel desagertua egon zen 20 egunetan izandako ekintza horien artean, bere lankideek egindako protesta ikonikoa izan zen. «Hemen ez dago gidaria, non dago?» zioen Donostiako udaletxeraino eraman zuten autobusetik zintzilikatutako pankartak.
40 urteren ondotik, ekintza hura berreskuratuko dugu. Azaroaren 26tik abenduaren 14ra, Mikel Zabalza desagertua izan zenen egunetik, Bidasoa ibaian agertarazi zuten egunera arteko datetan, autobus batek Euskal Herriaren parte bat zeharkatuko du, Orbaizeta, Iruñea, Bortziriak, Altza eta Donostia lotuz. Zabalza auziaren nondik norakoak ezagutarazteko helburuz, autobusak erakusketa bat izango du barruan. Eta, tokian toki, hainbat ekintza antolatuko ditugu autobusaren bueltan. Abenduaren 14an emango diogu amaiera egitasmoari, Donostian egingo dugun ekitaldi nagusi batekin.
Belaunaldiz belaunaldi mantendu dugu bizirik Mikelen memoria. Hari horren bidez dugu gaur ere gogoan; eta datozen belaunaldiengana luzatzeko konpromisoan berresten gara. Egia eta justiziaren bidean, Euskal Herrian milaka lagun torturatuk indar polizialen eskuetan pairaturikoa ahanzturaren zakuan galdu ez dadin eta halakorik beste inori geratuko ez zaiola berma dezagun.
Etenik ez duen haria gara.