AUZIA

1985eko azaroaren 26a

NON DAGO MIKEL?

Guardia Zibilak Mikel Zabalza atxilotu zituen Donostian, baita Manuel Bizkai, Idoia Aierbe eta Ion Arretxe ere. Orbaizetan, Zabalzaren bi anai ere atxilotu zituzten. Guztiei Terrorismoaren aurkako Legea aplikatu zieten, eta inkomunikaturik gelditu ziren. Biharamunean jakitera ematen da Mikel Zabalza desagertu dela.

Bertsio ofizialak dio Bidasora bota duela bere burua eta ihes egin duela, guardia zibilei zulo baten kokapenaren berri ematera zihoazela.

1985eko azaroaren 26 – abenduaren 15a

20 EGUN DESAGERTURIK

Bilaketa lanak segituan hasten dira, baina, egunak aurrera, Mikel bizirik aurkitzeko itxaropena poliki-poliki itzaltzen da.

Aldi berean, Zabalza Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelean jasandako torturen ondorioz hil delako sumoa jendartean hedatzen da.

1985eko abenduak 7

ESTA MAL, ESTA MAL

Idoia Aierbe eta Ion Arretxe askatzen dituzte, torturak jasan zituzten biek atxiloaldian.

Intxaurrondon bitan ikusi zuen Aierbek Zabalza. Hasieran, kaputxa batekin buruan, eta beranduago, esku-ohe batean.

1985eko abenduaren 15a

SERÁ ENCONTRADO

Jose Barrionuevo, orduko Espainiar Estatuko Barne ministroak adierazi ondoren «azalduko dela edo aurkitua izango dela»; azaldu zen Zabalzaren gorpua. Desagertu eta 19 egunera. Gurutze Gorriak aurrez arakatutako «eremuan aurkitu» zuen Guardia Zibilak, eskuburdinak jarrita zituela.

1985eko abenduak 18a

GREBA OROKORRA

Ezker Abertzaleak greba orokorra deitu zuen Mikel Zabalzaren heriotza salatzeko. Oihartzun zabala izan zuen deialdiak eta istiluak ere gertatu ziren protestetan.

1985eko abenduaren 19a

AGUR HUNKIGARRIA

Mikel Zabalza Orbaizetako hilerrian lurperatu zuten, herritarren babes zabalarekin.

1985 – 2010

EPAIKETARIK EZ

Berehala hasi ziren salaketak epaitegietan. Iñigo Iruin abokatua aritu zen Zabalza familiaren izenean, Alvaro Navajas Donostiako Udalaren izenean, Enrique Villa Torturaren Aurkako Taldearen izenean, eta Maria Jose Aguado herri-salaketaren izenean. Lau epaile (Del Río, Marroquin, De la Hoz eta Jimenez Pericas) behar izan ziren instrukzioaren lehenengo fasea ixteko, gertaerak izan eta bi urtera.

1995ean ireki zen berriro, Intxaurrondoko lehen grabazio bat agertu zenean. Bertan, Pedro Gomez Nieto Guardia Zibilaren kapitainak Alberto Perote CESID zerbitzu sekretuetako buruari azaltzen zion bere ustez Zabalza atxiki zutenei «eskua joan» eta «galdeketan bertan gelditu» zitzaiela.

25 urteko ibilbidea egin zuen auziak epaitegietan, 2010ean auzia behin betirako itxitzat eman zuten arte. Epaiketarik ez da ospatu.

2015eko azaroa

30 URTE GOGOAN

Nafarroako Gobernua aurreneko aldiz izan da aurten Orbaizetan Mikeli urtero egiten zaion omenaldian. Donostiako Udalak, berriz, EAJ, Bildu eta Irabazi taldeen babesarekin mozio bat onartu zuen, non Udalak konpromisoa hartu zuen Mikel Zabalza biktima gisa onartua izan dadin eragiteko.

2020ko iraila

AUZIA, ZINEMAN

Non dago Mikel? dokumentala aurkeztu zuten Donostiako Zinemaldian. 2021eko otsailaren 25ean Hego Euskal Herriko zinema-aretoetan estreinatu zuten.

2020ko abendua, 2022ko otsaila eta 2024ko apirila

AITORTZA INSTITUZIONALAK

2020ko abenduan Donostiako Udalak omenaldia egin zion Zabalzari, udal autobus konpainiako langilea baitzen.

2022ko otsailean, orbaizetarraren heriotzatik 36 urte igarota, Lakuako Gobernuak biktima gisa aitortu zuen Zabalza eta, adituen ikerketa sakon batean oinarrituta, baieztatu zuen torturatuta hil zutela.

2024ko apirilean Nafarroako Gobernuaren aitortza jaso zuen, motibazio politikoko beste hamaika biktimarekin batera.

2023ko apirila

TORTURATZAILEEI SARIA

Intxaurrondon teniente izandako Arturo Espejo maila igoera batekin saritu zuela Fernando Grande-Marlaska buru duen Barne Ministerio espainolak.

Arturo Espejo Valero guardia zibila izan zen, hain zuzen ere, Zabalzaren atxiloketa eta Intxaurrondoko galdeketa gidatu zuen guardia zibila.

Zabalzaren sendiak, Aezkoako eta Altzako herri ekimenek, Aezkoako Batzordeak, Orbaizetako Udalak eta Nafarroako Torturatuen sareak saritzea salatu zuten.

2020ko azaroa

35 URTE GOGOAN

2024ko azaroaren 30a

PLAKA INTXAURRONDON

Mikel Zabalzaren omenezko plaka bat jarri zuen Donostiako Udalak, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean.

«Betiko geldituko da idatzita Mikel hemen, kuartel horretan, hil zutela»